Oiartzun, 1956.
Irakasle lanetan aritu zen Oiartzungo Ikastolan (1976-86), hainbat espresiobide landuz: plastika, antzerkia, musika... Ikastola utzi (1986) eta ipuinak kontatzen hasiko da buru-belarri, batzuetan bakarrik eta bestetan marrazkilariek edota musikalariek lagunduta, aitzindari izango dena, Hego Euskal Herrian behinik behin, bibliotekako "ipuin ordua"-rekin (1987-88).
Eskoriatzako Irakasle Eskolan (gaur egun: Mondragon Unibertsitateko Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) Haur Liburu Mintegiaren sortzaileetako bat izan da, eta, bide batez, parte hartu du hainbat proiektutan, haur liburuaren animaziogintzari lotuta: lehen Haur Liburu Aretoak diseinatzen (Getxo, Durango, Amurrio, Legazpia...), Galtzagorri elkartea sortzen, Irakur Gidak plazaratzen, Kukuluma edo Kukumira aldizkariak argitaratzen, ipuin-ordua hedatzen, itsuentzako ipuin grabaketak koordinatzen, Arantzazuko Ama ospitalean Liburua, ipuina eta hitza deritzan topagunea garatzen... eta, batez ere, ipuin kontaketari buruzko ikastaroak eskaintzen.
Lehen Hezkuntzako Gradua 2013an bukatu zuen "Barnekotasunaren lanketa hainbat ikastetxetan" lanarekin.
Idazle modura, haur literatura landu du: ipuina, batik bat, poesiaz ahaztu gabe; eta albuma. Sariak ere lortu ditu. Besteak beste: Etxepare saria 2007 (Gerlari Handia); Haur eta Gazte literaturako Euskadi saria 2008 (Jenio gaiztoa); JUUL saria 2009 (Pottokoren usainak), JUUL saria 2015 (Augustoren botila); Etxepare saria 2015 (Munstroek ere pixa egiten dute ohean); JUUL saria 2016 (Mux munstroa); URREZKO KALABAZA 2018 (Tolosako ahozkotasunaren ahoz aho jaialdian), JUUL saria 2019 (Tontolapiko); JUUL saria 2019 (Martzelo itsua); JUUL saria 2020 (Ispilutxo).