Oiartzungo ikastolan irakasle nintzela, mundu imajinarioak partekatzen hasiko naiz haurrekin, ipuinen basoan sartuta, gelaz-gela, ibilbide fantastikoak sortuz (1980-1986).
Pozik sentitzen naiz, zoratuta, zeharo joana haurren konpainian, inoiz baino biziago, inoiz baino osoago eta, hala, 1986an, ikastola utzi, eta ipuinak kontatzearen abenturan hasiko naiz Euskal Herrian zehar, ipuinen maleta zaharra bezain berria hartuta. Zeren "... poesiaren gailurra ukitzen duzunean, munduaren azken muga ezagutzera abiatuko zara maleta batekin"( Atxaga, Etiopia).
Jada, ipuinen belaontzian sarturik, bizitzaren ibaian abandonatzen dut neure burua, konfiantza osoz, besterik gabe. Ez dago beste modurik nabigatzeko, baldin eta beldurraren lagun izan nahi baduzu. Bizitzaren ibaia da nire gidaria, eta uraren hondoak lurra ematen dit; haurrek haizea ematen didate, eta hitzek sua. Korrontearen erdian isiltzen ikasi beharra dago, zarataren erdian entzuten, bihotzaren begiarekin ikusten, eta munduko izaki guztiak "on hartzen".
Koadernoan idatzi dut: "Kanpora aterata, kanpoan aurkitu dut neure barnea; barnean, berriz, neure kanpoa". "Zenbat eta urrunago joan, orduan eta hurbilago sentitu naiz ororengandik".
Niretzat ARTE bat izan da ipuinak kontatzea, guztiz terapeutikoa,
hots, medizina sendagarria:
bihotzarekin ikusten ikasteko menbrua,
bizitzaren magia sumatzeko bidea,
erritu kolektiboak indartzeko gunea,
hitzak biluzteko aterpea,
munduko izaki guztiekin saretzeko sarea,
ipuinak desinstrumentalizatzeko eskola.